L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1966 I-II Ikus-miran (1966-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz emanik

 

Aldapeko

 

Ürz'aphal bat

Usapal (usatortola) bat

 

                         I

Ürz'aphal bat ba-dügü herrian trixterik,

Nigarrez ari düzü kaloian barnetik,

Bere lagün maitiaz beit'izan ützirik:

Kuntsola ezazie, ziek, adixkidik.

 

Usapal bat ba-dugu errian trixterik,

Negarrez ari zaigu kaiolan barrutik,

Bere lagun maiteak baitu utzi bakarrik

Zuen kontsolapenaz ba-dauka bearrik.

 

                         II

—Oi! ene izatia dolorez betherik!

Mündian ez ahal da ni bezañ trixterik,

Ni bezala maitiak traditü dianik.

Abil, amodiua, hürrün ene ganik!

 

Oi! nere izatea naigabez beterik!

Munduan ez da iñor ni bezain trixterik,

Ni bezala maiteak traizioz saldurik.

Oa, amodiua, urrun neregandik!

 

                         III

—Traditü zütüdala, deitazüt erraiten;

Bata eta bestia, gü biak bat ginen,

Ene bihotza zaizü bizikoz egonen:

Behar zütüt ützi lotsaz etxekuen.

 

—Zure esanez dizut traizio egin;

Alkarrekin genduen gu biok atsegin,

Nere biotza dago geroztikan samin,

Etxekoen bildurrez autsi dut zurekin.

 

                         IV

—Oi! ene traidora, zer düzü jaukitzen?

Elhe faltsü erraitez etzireia asetzen?

Ene flakü izanez zira prebalitzen:

Hortarik ageri'zü nunko seme ziren.

 

—Oi! zer traidorea orrela mintzatzen!

Itz faltsuak esanaz etzera asetzen

Ene flakutasunaz zera baliatzen:

Nungo semea zeran or duzu agertzen.

 

                         V

—Matia, nahi zütüt segreki mintzatü,

Arrazuez nitzaizü behar elhestatü;

Nik bihotz oroz zütüt osoki maithatü:

Utzi behar beitzütüt, hiltzera nuazü!

 

Maitia nai zinduket aopez mintzatu,

Arrazoiak emanaz zuri esplikatu:

Nik biotz guziz zaitut osoki maitatu:

Zu utzi bearrez daukat eriotza gertu.

 

                         VI

—Thunba bat nahi dit lürpian ezari,

Ene khorpitz trixtia gorde mündiari,

Ene ixter-begiek egin dezen erri:

Haieki zirate, zü ere, hañ sarri.

 

Illobi bat nai nuke ezarri lurpean,

Ene gorputz tristea gorde bearrean,

Nere etsaiek dezaten par egin aurrean:

Nork daki zu aiekin izango ote zeran!

 

        I

        Lendabiziko neurtitzean: «Urz'aphal». Lhande'k «tourterelle» (tortola) eta «biset» (paloma torcaz) itzultzen du. Larrasketa'k «tourterelle» soilki. Gipuzkeraz, «tortola», usatortola esan oi dugu eta «paloma torcaz», pagausoa. Emen, zalantzarik gabe «usatortola» da, Etxahun'ek berak «arruket» baitarabil «Musde Hegobe»ren zortzigarren ahapaldian «pagausoa» aditzera emateko. Larrasketa'k «arruket» pigeon ramier itzultzen du, eta bearnes «rouquet» (ramier)'etik datorrela dio. Frantzesez, berriz, naiz «ramier», naiz «pigeon ramier», naiz «biset» esan oi da gaztelerazko «paloma torcaz». «Ramier», ordea, «xurita»ri ere esan oi zaio. Bestalde, «usatortola» luzeegi xen nere neurrirako eta Laphurdi'ko «usapal» formaz baliatu naiz nere itzulpenerako. Laphurtarrek «xoloma» ere erabiltzen dute eta Lhande'k «pigeon biset» itzultzen du. Etxahun'ek bertso auetan «usatortola» aukeratu du maitariaren adierazgarri eta «Musde Hegobe»n berriz «pagausoa». Beraz, bi uso mota auek irudizkoak dira gure koblariaren bertsotan.

        Bigarren neurtitzean: «ari düzü» = ari da, alokutivo eran emana. Campion'ek onela irabiatzen du: nüzü, düzü, gütü zü, dü tüzü. «Kaloia» = kaiola.

        Irugarren neurtitzean: «Beit'izan» = beita izan (izan baita).

        Laugarrenean: «Ezazie» = ezazute. «Ziek» = zuek. Laugarren neurtitza onela alda diteke: «Zuen kontsolapenaz dago bearturik».

 

        II

        Ahapaldi ontan bi maitearen arteko alkar-izketa asten da, baiñan, Larrasketa'ri mintzo-marra edo gioia jartzen ahaztu egin zitzaion onoko ontan eta orregatik, Mirande'kin konsultatu ondoren nik ipiñi egin diot. Ona, Zuberotar adiskideari zuzendu nizkion itzak: Ba-dirudi bertsolariak bigarren ahapaldia neskaren aboan jartzen duela, onela esaten baitu: «ni bezala maitiak traditü dianik» eta urrengo ahapaldian Etxahun'ek erantzuten dio: «Traditü zütüdala deitazüt erraiten». Beraz, alkarizketaren marra (-) ezaungarriak bigarren ahapaldian asi bear dute eta ez irugarrenean, Larrasketa'k egiten duen bezala. Galdera oni erantzunaz, Zuberotar adiskideak: «Bai, dudarik gabe bigarren ahapaldia Etxahunen maitearen aoan dago, eta irugarrena Etxahunen beraren aoan. Larrasketi —edo liburu-irarleari— ahaztuko zitzaion elkar-izketaren marra bat bigarren ahapaldiaren aurrean ipintzea».

        Irugarren neurtitzean: «Traditü dianik (dü-anik) = traizionatu duenik. Irugarren neurtitza onela ere itzul diteke: «Ni bezala maiteak traizio egiñik».

 

        III

        Lendabiziko neurtitzean: «Zütüdala» = zaitudala. «Deitazüt» = didazu (bi dativoekin). Zuzen: «de(re)itazü».

        Bigarren eta irugarren neurtitzak apurtxo bat aldatu ditut zentzuz, puntuak eskatuta.

        Laugarren neurtitzean: «Zütüt» = zaitut. «Lotsaz exekuen» = etxekoen beldurrez. Joskera atzekoz aurrera emana dago puntuaren eskabidez, baiñan, bertsotan beñepein zillegi da joko au. Gogora bestela: «Ai au gauaren zoragarria, Jesus jaio da Belen'en, etxe onetan sartu ote dan, billa gabiltza beraren». «Bere edo beraren billa gabiltza» esan bearrean.

 

        IV

        Lenengo neurtitzeko «traidora» itzaz onela idatzi nion Zuberotar adiskide maiteari: Irugarren ahapaldian, zalantzarik gabe, Etxahun'ek bere buruari itz egin-erazten dio eta laugarrenean, alkar-izketa jarraituz, neskatxari mintza-erazten dio. Baiñan, zergatik dio onek, gizonezkoagana zuzenduz, «traidora»? Ez ote zukean «traidorea» esan bear? «Traidora»k gaztelerazko «traidor»en femeninua dirudi. Zer derizkiozu oni? Erantzuna: «Traidora» itza eni ere bitxi zait, eta uste dut emen ere irar-uts bat dagoela eta neurtitzak bear lukela: «oi ene traidoria, zer düzü jaukitzen»; luzetasunaren aldetik egokiago litzake; bainan bestalde, «traidora» variantea ez dugu gure euskalkian ezagutzen, ez eta femeninoan ere (gainera emen femeninua ezin diteke); «emazte traidore bat» edo «emazte tradizale bat» esango genduke».

        Lenengo neurtitzean ere, «jaukitzen» aditza ageri zaigu oikeratankeran (habitual forman). Larrasketa'k, azpioarrean «jaukitzia, tenir des propos» (murmurar, andar con cuentos) itzultzen du. Iztegian (Basse Soule Orientale) «Jauki = faire (action moralement mauvaise, ou sotte). Beraz, azio txar bat edo ergel bat egitea. Lhande'k «Jaukitu» = attaquer, assaillir (atacar, acometer), lenengo zentzuan, baiñan amairu esangura eraxten dizkio. Urbillena, noski, boskarrena, «médire de quelqu'un, tenir des propos méchants, offensants» (murmurar, hablar mal de alguno, tener intenciones malas, injuriosas). Amairugarren zentzua, Larrasketa'k bezala, faire (hacer) itzultzen du, baiñan, azio txar bat egiñik, ondorengo adigarrian ikus ditekeanez: «Zer txaskoñia jauki deikün! = quel tour tu nous as joué (zer txarkeria egin diguzun). Frantzes itzulpenak «deiküzün» eskatzen du.

        Aditz onen esangura ain mugatu-gabea delako, Zuberotar adiskide maiteari bere iritzia emateko eskatu nion. Ona, bere itz jakintsuak: «Jaukitü» (edo guk dioguna: «jaukhitü») zentzu asko eta ez ongi mugatuak dituen aditza da. Lato sensu, esan nai duke «bear ez den bezala beste norbaitekin jardukitea», naiz itzez, naiz egintzez. Ikuspuntu ontatik Larrasketek ematen dituen zentzu bereziak ulertu ditezke: «attaquer, assaillir», bai ta ere «proposer» ere... bainan bestea atzipetzeko asmotan. Emen neskak esan nai du: «zer ele ez-egokiak ateratzen dituzun». Itz oien ondoren ikusten da «jauk(h)i (tü)», jarduki, jardoki (iharduki, ihardoki) aditzaren senide dela, eta eguzkialdeko adizkera au sartaldeko «jardun» da gutxi gora-behera. Noski, Zuberotar formak, Mirande'k dion bezala, zentzu peyorativu bat dauka «izketa» esangurari dagokionean, esaterako Lhande'k ematen dizkion laugarrena eta boskarrena. Au, arestian eman dugu. Laugarrena onela itzultzen du: «reprimander quelqu'un, lui dire des paroles mortifiantes» (reprender a alguno, decirle palabras hirientes). Nik «mintzatzen» itzuli dut, «gaizki mintzatzen» bear zukeana, neurriak ezpaitu bear litzaken libertaderik eskeintzen gauzak bere doitasunean emateko. Nai dezanak itz onen ordez erabil dezake «jarduten» eda «erausten». Apika, au litzake egokiena, charlar eta hablar ez ezik murmurar ere esan gura baitu eta azken au «hablar mal» bezala da. Alabaiña, ez dut «erausi» aditza erabilli nai izan, iduri baitzait, Gipuzkoa'n beñepein zearo arkaikotu zaigula aditz au eta orretxegatik bertsoari bizitasuna kentzen dio.

        Bigarren neurtitzean «etzireia» adizdun esaera. Ontaz idatzi nion Mirande adiskideari: «Etzireia = ez al zera. Baiñan Campion'ek «izan» aditz-izenaren bigarren pertsona eztu «zire» ematen, «zira» baizik. «Zira»tik, ordea, «zira-ya» sortzen da, Lorrasketa'k esaten baitu bere iztegian: —A, suffixe verbe interrogatif: hiz, tu es; hiza, es-tu? Il est précedé parfois d'un Y euphonique: zidie, vous (plur.) êtes; zidieya, êtes-vous (plur.). Beraz, pentsa zitekean «zire» Barkoxe'n erabiltzen den «zira»ren aldakizun bat izatea, baiñan, ahapaldi ontan, bertan, irugarren neurtitzean, Etxahun'ek «zira» darabil. Aditz ukakorrraren fenomenua ote da emen gertatzen dena, alegia, azken a e biurtzea? Ala, aditz-jokoa a'n bukatzen den orotan e biurtzen da bi silaben oskidetasuna urratzeko? Erantzuna: «Etzireia» = etzira i -a, galderaren atzizkia. Atzizki ori kontsonante batez bukatzen den itz bati zuzenki eta aldakizunik eragin gabe lotzen zaio (ex. ba dük -ba düka?, ba dut - ba duta?, ba hiz - ba hiza?). Bainan delako itza vokal batez bukatzen ba da, orduan vokal ori aldatzen da atzizkiaren aurrean. Adibidez -a + a = eia, emen bezala (baina «ba da» - ha dea?) ene euskalkian, naiz lenagoko izkirioetan ia beti «ba deia»? irakurri dudan, «zire» forma ez dugu Zuberoan usatzen; beti «zi(r)a». Pluralean berriz bi form ba ditugu: «zidie» Pettarrean erabiltzen duguna; eta «ziraie» Basaburutarrek ene ustez usatzen dutena». Sarritan ikusi dugu Campion gure Maixu aundiak azken forma au darabillela, baiñan bigarren «i» kontsonanteturik, ots, «ziraye».

        Irugarren neurtitzean: «Prebalitzen». Larrasketa'k onela itzultzen du «prebalitü (verbe intransitif), se prevaloir (prevalerse, prevalecerse). Nere ustez «prevaler»en zentzua du emen, ots, «valerse de una cosa, utilizarla, servirse de ella». Euskaldunik geienok «baliatu» esan oi dugu.

        Laugarren neurtitzean: «ageri'zü» = ageri

 

        V

        Bigarren neurtitza, «Arrazoez nitzaizü behar elhestatü» onela itzul diteke itzez-itz: Arrazoiez natzaizu bear mintzatu. Eta giputz kutsudunago, baiño ez ain literalki: Arrazoiez bear dizut itz egin. Lhande'k «elhestatü» onela itzultzen du: s'entretenir, converser, bavarder. Gazteleraz: Conversar, charlar.

        Laugarren neurtitzean: «Beitzütüt» = baitzaitut. «Nuazü» = nua, «joan» aditz-izenaren irabiakera alokutivo eran. Campion'ek onela joka-erazten du: noazü, doazü, goatzü, doatzü.

        Boskarren ahapaldiaren aldakera:

                Maitia, mintza nadin zurekin ixilki,

                Arrazoiez nai dizut esplikatu ongi:

                Nik biotz guziz zaitut maitatu osoki,

                Zu betiko galduta il bear dut aurki!

 

        VI

        Lenengo neurtitzean: «Dit» = düt (dut-det-dot), alokutivo eran.

        Irugarren neurtitzean: «Ixter-begiek» = etsaiek. «Dezen» = dezaten. «Erri» - irri, parre, parre.

        Laugarren neurtitzean: «Zirate» = izango zera (noski). Campion'ek onela joka-erazten du: nizate, ZIRATE, date, girate, zirateye, dirate.

        «Hañ sarri» = peut-être, et non pas «aussitôt» («tal vez» y no «enseguida») dio Larrasketa'k oarrean.

        Seigarren ahapaldiaren aldakera:

                Illobi bat nai nuke lurpean ezarri,

                Gorputz triste au antxe gorde munduari,

                Nere etsaiek eman dizaien parrari:

                Ez al zera aiekin egongo zerorri?

        Ahapaldi ontan saiatu gera bigarren eta irugarren neurtitzeko «ene»k alkar jo ez dezaten, bat baztertzen. Jakiña, «ene» batean erabilliz eta «nere» bestean ez da ain itxusi gelditzen eta orrela, irugarrenean «Ene gorputz tristea gorde munduari» esanaz, jatorrizkoaren berdin-berdiña gelditzen da.

 

 

Filipeñekuak

Filipeñ'en etxeko bertsoak

 

                         I

Khantore berri eli-bat nahi tit khantatü,

Süjeta ere zer den hetan deklaratü,

Urxaphal gaxo bati zer zaion agitü,

Lumarik ederrena betzaio faltatü.

 

Bertso berri batzuek nai ditut kantatu,

Auen bitartez gaia zer den deklaratu:

Usapal gaixo bati zer zaion gertatu,

Lumarik ederrena baitzaio faltatu.

 

                         II

Urz'aphal gaxo baten, oi! zer doloria!

Galdü dizü laguna, kitatü herria,

Desertian ezari bere egoitzia,

Ala nik ükhen düdan fortüna trixtia!

 

Usapal gaixo batek, ai! zer naigabia!

Galdu baitu laguna, utzi sorterria.

Basamortuan jarri egoitza berria,

Orra, nik izan dudan fortuna tristia!

 

                         III

—Uda lili ejerra, oi xarmagarria!

Tallaz pereita eta bilho hollia!

Orai jiten nitzaizü adio erraitera:

Itxasoz ba-nuazü fortüna egitera.

 

—Uda-lore ederra, oi zoragarria!

Gerriz ain egokia ta illez oria!

Orain esaten dizut adio maitia,

Itxasoz ba-nijua fortunaren billa.

 

                         IV

—Itxasoz juiteko abisak ükhen tüzü.

Ideia mehe hori othoi ützazü:

orai artin bezala biziko gütüzü;

Bestela heriua kausatü deitazü.

 

—Itxasoz joan zaitezen nork berotu zaitu?

Ideia mehe ori, otoi, utz ezazu:

Orain arte bezala biziko gaituzu,

Bestela eriotza nigan aurki duzu.

 

                         V

—Uda lili ejerra, ez egin nigarrik:

Bardin ez ahal düzü orai profeitürik:

Ene lagünak dira bortitan sarthürik

Eta ni ezin pharti, maitia, züganik.

 

—Uda lore polita ez egin negarrik,

Ezpaituzu izango ortik probetxurik.

Nere lagunak dira menditara joanik,

Eta nik ezin alde, maitea, zugandik.

 

                         VI

—Etzitiala pharti ez bihar artino,

Zerbait arranjü egin artino:

Nahi züntüket bai mintzatü orano,

Elhesta gitian egün ordü deno.

 

—Etzazula aldegin egun batzuetan,

Alkarrekin moldatu al-ba-gindezkean.

Nai nizuke itz egin biontzat onean:

Mintza gaitezen orain, garai den artean.

 

                         VII

Errak, amodiua, ni ganik nuiz hua?

Hilerazi gabetarik, othoi, abilua!

Eztizadala gal osoki gogua,

Xurit eztakhidan gazterik bilhua.

 

Esan, amodiua, noiz ua nigandik?

Sufri-erazi gabe, joan akit ondotik!

Ez dizaidakala gal gogua osorik,

Txuritu ez dakidan illea gazterik.

 

                         VIII

Amodiuk nai aphal egotxi,

Ezpetitüt esparantxa seküla jeiki:

Intertenitü bai promes hunez bethi,

Engajatü ondun, bestentako ützi.

 

Amodiuak nau ni tratatu txit gaizki,

Esperantza baitaukat galdua aspaldi:

Engaiñutan euki nau, itz ederrez beti,

Aginduaz aztuta bestentzako utzi.

 

        «FILIPEÑEKUAK.— Zer esan nai ote du izenburu onek? —galdetzen nion Jon Mirande adiskideari—. Felipe = Phillipe da. Beraz, badirudi «Filipeñekuak» Filipe'ren etxekoak esan nai duela. Zer aditzera eman nai du, ordea, egilleak titulo bitxi onekin? Kantu tristeei, amodiozkoei edo bestelako batzuei ematen ote zaie izen au? Erantzuna: «Itz orrek esan nai du «Filipeñ» izendun etxeko jendea (edo zerak). Alanola ene amaren aldeko askaziak «Chahokoak» dira, eta aitaren aldekoak «Eihartxekoak». Ez dakit zein etxez mintzo den Etxahun: bearbada egon zen bordaz. Ene aitak diost Maulen ba dela, edo ba zela, «Filipeñ-enia» deitu etxe bat; ez da berdiña izango, jakiña; bainan erakusten dizu Zuberoan ezagutzen den etxe-izen bat dela (jatorriz, esan gabe dijoa, jende izen bat dela, «Filipeñ-en etxea», ez Philliperena; oker ez ba nago, Philippin izena ba dago frantsesez; eta ez ba dago, bearnesez egongo da...»

 

        I

        Lenengo neurtitzean: «Eli-bat» = batzuek. Ikus guztiontaz esandakoak «Montebideorat juailiak» deitu bertsoetan, irugarren ahapaldiari egindako komentarietan. TIT = DITIT, alokutivo era laburtua. Adizkera arruntean, «dütüt» zuberoeraz, «ditut» beste euskalkietan.

        Bigarren neurtitzean: «Hetan» = aietan.

        Irugarren neurtitzean: «Ürxaphal» = Urzaphal. Ikus itz onezaz esandakoak oro «ürz'aphal bat» deitu bertsoetako lendabiziko ahapaldian. Seguru aski «ürxaphal» diminutivo era da, «urxo» —Lhande'ren iztegian ikus ditekeanez— «urzo»rena den bezala.

 

        II

        Bigarren neurtitzean: «Galdu dizü» = galdu du, alokutivo eran mintzaturik. Campion'ek onela joka erazten du: dizüt, dizü, dizügü, dizie. «Kitatü» = utzi, largatu, abandonatu.

        Irugarren neurtitzean: «Desertian» (desertü-an). Lhande'k «desert» itzultzen du «desertü» itza eta sinonimutzat ematen ditu «eremu», «baso», mortu», «bortü». Gure artean ezagunagoa da «basamortu».

        «Egoitzia»: Ez Lhande'k eta ez Larrasketa'k ez dakarte forma oni dagokion «egoitze» itza. Lenengoak «egoitza» onela itzultzen du: a) séjour (estancia); b) résidence, état; c) demeure (morada), habitation. Emen, naiz «resideneia», naiz «morada» itzuli liteke.

        Irugarren neurtitzean: «Ala». Lhande'ren iztegiko irugarren zentzuari dagokio: iterj. quo! oh! que!... Ala herioa motz!, Ah! que la mort est dure! Ala gure zoratuak! Ah! insensés que nous sommes! Beraz, nik itzuli dudan baiño literalkiago legoke laugarren neurtitza beste era ontara: «Nik bai izan dudala fortuna tristia!».

 

        III

        Lendabiziko neurtitzean: «Ejerra» = joli (polita), Lhande'ren iztegiak dakarrenez, eta «eder» itzaren diminutivoa dela gaiñeratzen du. Nik ahapaldi ontan «ederra» itzuli dut eta boskarrenean «polita», berdintasuna urratzeagatik. Eztakit, egian esan, euskal-estetikaren aldetik zuzen ala oker aritu naizen.

        Bigarren neurtitzean: «Tallaz». Itz au (tailla), «taille», (estatura edo alle, cintura), «longueur» (largo, largura, altura) dakar Lhande'k eta «thaila», taille, hauteur corporelle (gorputz luzetasuna), Mirande jaunak esan zidan emen zalantzarik gabe «gerria» dela «taille» frantzes itzetik artuta. Etxahun'ek ain trankil darabillen «perfeita» (perfecta) itzaz esan gura nuke euskerak itz onen premia ikaragarria duela, baiñan, Bidasoz'emendiko euskaldunok ez gera ausartzen erabiltzen gure garbizaletasun aurreiritziagatik. Emen, «gerriz ain ogakia» esanda atera naiz nolabait aurrera, baiñan, itz bat itzultzeko ez gindezke balia beti esaera batez. Itzak ordezko itza eskatzen du eta onetxegatik bear-bearrekoa dugu itz egoki eta argi bat asmatzea edo bestela, ortarako gauza ezpa'gera, Etxauhun'ek bezala, kezka ta bildurrik gabe «perfektu» (femenino tankera, euskerarentzat kaltegarriena, ezta erabilli bearrik) erabilli. Baiñan ez dizaiogun, otoi, gure euskerari konzeptu au —eta beste milla!— aditzera emateko eskubiderik uka. Ez dezagun euskaldunok maitetasun okerreko baten izenean gure izkuntza ito edo kultur-izkuntza biurtu bearrean —euskeraren salbabide bakarra—, aur izkera biurtu, beronen lexikoaz geiagorako gauza eztalako. Ori, gure Erriaren kontrako pekaturik larriena litzake.

        «Bilho hollia» = ille oria. Gure alderdiko bertsolari batek, ordea, Etxahun'ek «perfeita» bezala, «rubia» esango

luke, konzeptuz askoz egokiago baitago, danok dakigunez «rubio» ezpaita «amarillo», beraz, ezta «oria» ere. Illeak eztu sekula izan eta ez izango kolore oria. Kasu ontan ere euskerak goseak eta pobre gelditu bear al du, arrotz itz batez aberasten ukatzen diogulako? Nere partez, beñepein, baimena du nai duenak, «illez oria»ren ordez «illez rubia» ipintzeko.

        Irugarren neurtitzean: «Jiten nitzaizü» = etorzen natzaizu.

        Laugarren neurtitzean: «Itxasoz ba-nazü» (ba-nuazü) = itxasoz ba-nijoa. Eztakit ziur testuan ageri den «ba-nazü» (nuazü'ren ordez) laburkizun bat den ala inprenta utsegitea. Campion'ek onela irabiatzen du alokutivo tankerako adizkera au: noazü, doazü, goatzü, doatzü.

 

        IV

        Lenengo neurtitzean: «Abisak» (avis = consejo). Euskera jatorragoan «aholku». «Ukhen tüzü» = izan dituzu. Nik libreki itzuli dut ideia au, era onetan: «Itxasoz joan zaitezen nork berotu zaitu»? Bigarren hemistikioa beste era oietan ere eman liteke: «zeiñek bultza zaitu»?, «nork eragin dizu»?

        Irugarren neurtitzean: «gütüzu» = gaituzu.

        Laugarren neurtitzean: «Kausatü deitazü»= kausatu didazu. Mirande adiskideari idazten nion, nere ustez, bertsolariak «kausatüko» edo «kausatüren» erabilli bear lukela, ots, aditza geroaldian emanik (Bestela heriua kausatü(ko) deitazü), Etxahun'ek darabillen forma igaroaldi urbilla (pasado próximo) baita, au da, kausatu didazu dagoeneko. Onegatik esaten nion ahapaldi onen jatortasunaz duda egiten nuela. Ona erantzuna: «heriua kausatü deitazü» ez zait iduri jatorra ez denik. Neskatilak bere ispirituan geroaldia dakusa: Etxahunek «ideia mehe» hura utzi ez ba du, bera illa da».

 

        V

        Bigarren neurtitzean: «Bardin» = d'ailleurs, au reste (por otra pare, por lo demas). Ez erran zeuen gogoetan: bardin eztuk Iainkorik = Ne dites pas en vous-même: Au reste, il n'y a pas de Dieu. (Lhande'ren iztegitik).

        Irugarren neurtitzean: «Bortitan» = menditan (bortü'tik ).

 

        VI

        Lenengo neurtitzean: «Etzitiala» (ez zitiala) = ez zaitezela (etzaitezela). Campion'ek onela joka-erazten du sujuntivoa: nadin, ZITIAN, dadin, gitian, ziteyen, ditian. Aginkorra berriz, zite, bedi, ziteye, bite.

        Bigarren neurtitzean: «Arranjü». Itz au eztakarte iztegiek —iskribatzen nion Zuberotar jakintsuari—. Arrangura-arrenküra'ren zentzu berbera ote du? Au da, «plainte, mécontentement - infirmité, mal - souci - soin»? Lhande'k ematen dituen zentzu auetan «plainte» da, nere ustez, ondoena egokitzen dena, «gemido, lamento, llanto» esangurarekin. Gogoratu zait ere «arranjü» ez ote dagoen frantzes «arranger»etik aterea eta orduan «konponketa» edo «moldaketa» (arreglo) litzake zentzua. Zer deritzazu? Erantzuna: «Arranjü» = antolamendu, konponketa, ituna; «arranjatü» aditzetik moldatua (linguistek beren izkuntzan dioten bezala «substantivu deverbativu» bat da), eta aditz au, jakiña, frantsesetik jesana dugu (arranger). Orrelako beste deverbativu batzuk ba ditu gure euskerak, esaterako kontsolatü = kontsolü»...

        «Artino» (artio, artinokan) = jusqu'à (arteraiño) itzultzen du Lhande'k. Etzi artinokan = à apres-demain!

        Irugarren neurtitzean: «Zünttüket» - zinduket. Campion'ek onela joka-eratzen du: züntüket, zuntuke, züntüke, züntükegu, züntükie.

        Laugarren neurtitzean: «Elhesta gitian» = mintza gaitezen. «Elhestatü» = s'entretenir, conversar, bavarder, itzultzen du Lhande'k (conversar, charlar). Laguntzaillearen adizkera osoa onela da Campion'en arabera: nadin, zitian, dadin, GITIAN, ziteyen, ditian (nadin, zaitezen, dedin, gaitezen, zeitezten, ditezen).

        Ahapaldi onen beste aldakera bat ere antolatu dut, ez bestea bezain itzari lotua, baiñan bai, nere ustez, politagoa. Orra:

                —Etzazula aldegin egun batzuetan,

                Nolabait antolatu gaitezen artean.

                Nai nizuke itz egin biontzat onean,

                Gure maitasunaren berotasunean.

 

        VII

        Lenengo neurtitzean: Errak = esak. Aginkor era au, ordea, gurean usadio gabea da eta orregatik gogortxoa. Au dala-ta, naiago izan dut «esan» aditz-izena erabilli.

        Bigarren neurtitzean: «Othoi» = arren, mesedez. Lhande'k «je vous en supplie» itzultzen du. «Jauna, othoi egorrazu egorriko duzuna. Seigneur, nous vous en prions, envoyez celui que vous devez envoyer». «Abilua» (abilua) = va! va d'ici! «Ua!, ua emendik»).

        Irugarren neurtitzean: «Eztizadala». Ene ustez —idazten nion J. M. Aiphasorho ene adiskide maiteari—, aditz-joko au —«ika» mintzo baita bertsolaria— «dizada», ots, gure «dizaidak» da. Campion'ek «dizada-dizadaña» (ik) ematen du ar-emeentzat. Eztut uste zukako «dizadan» (gure «dizaidan») izan ditekeanik, irugarren pertsonan emanik: «amodioak ez dizaidala gal gogoa», beste era ontara baizik: «ik, amodioa, ez dizaidakala gal gogoa». Erantzuna: «Eztizadala» = ez + dizadak + ala, beraz zuen «ez dizaidakala», ikusi duzun legez; zukan «eztizadazüla» litzake; eta nokan «eztizadañala» edo «eztizadala». Bainan irugarren pertsunean ere forma berdiña genduke, «arek eztizadala» eta «hik eztizadala».

        Laugarren neurtitzean «Xurit eztakhidan» - zuritu ez dakidan.

 

        VIII

        Lendabiziko neurtitzean: «Amodiuk nai» = amodioak nau. «Aphal egotxi». Bera bota esan nai al du? Galdetzen nion Pettar olerkariari. «Aphal = bas, humble (bajo, humilde). «Egotxi» = jeter à terre, renverser, abattre (arrojar al suelo, volear, derribar). Itzulpenok oro Lhande'ren iztegikoak dira. Erantzupena: «Aphal egotxi»: bai, «bera bota», edo «lurrera egotzi». Zuberoan beintzat «aphal - bajo»; humilde zentzuan ez dugu, nik uste, erabiltzen; «ümil» esaten dugu».

        Bigarren neurtitzean: «Jeiki» = altxa? —itantzen nion Jon Mirande jaunari—. Larrasketa'k «se lever» (levantarse) azaltzen du. Lhande'k ere berdintsu ematen du pasivoki, baiñan baita aktivoki ere: lever (une personne que l'on aide), Eria jeiki ezazu = levez le malade. Olako zerbait ote? Erantzupena: «Jeiki», ene ustez, geienetan pasivoan erabiltzen dugu. Aktivoan «eraiki» usatzen dugu. Adibidez: «Oheti jeiki zite» eta «eskia (eskua) eraik(i) ezazü». Baina ba liteke kasu zenbaitetan aktivoki ere erabiltzea, mementoko oroit ez ba naiz ere (euskeraz ez baita muga zeatzik bi erabil-modu oien artean: «etxera heltü niz»; «ogia hel izadak» etc.). Emen aatik pasivoki erabillia da: «ezpeitüt esparantxa seküla jeikiko nizala, alegia, erori naizen leku apaletik». Beraz, Mirande jaunak esplikatzen duen bezala «jeiki nadin» eda «jeikitzeko» da ulertu bear den forma osoa.

        Irugarren neurtitzean: «Intertenitü». Iztegiek eztakarte itz au, Frantzeseka «entretenir» ote? Noski, itz onek bereizkuntza askotxo ditu —mantener, sostener, conservar, cuidar, sustentar, alimentar, hablar, entretener (mantener en un error o engaño)— eta zeñi dagokion zeatz esatea nai nuke. Nere ustez, «denbora pasa-azi» da kasu ontan. Ona, galdera oni egindako erantzuna Mirande jaunak: «Intertenitü», bai, frantses aditza «entretenir» da, eta asmatu duzuna «dembora pasa erazi» du emen zentzua (beste zentzu batzuk ditu, frantzesezkoak bezala, ala nola «mantendu»; frantzesezkoaren zentzuak oro ez ditu berriz: ala nola izketatu, jolastu, etc.).

        Laugarren neurtitzean: «Engajatü» ostera —idazten nion Zuberoar jakintsuari—, «konprometitu» edo «itz eman» bezala artu bear dela uste dut. Ezkut ulertzen ordea, zergatik dion Etxahun'ek «engajatü ondun, bestentako ützi». Eskertuko nizuke argitasuntxo bat. Erantzuna: «Engajatü» = itza eman (frantz. «s'engager à») — bainan «intertenitü» itz korriente xamarra ba da, «engajatü» ez, ordea. «Engajatü ondun bestentako ützi» esan nai du: Zure itza eman ondoren (nerea izango ziñala) beste neska batzuentzat utzi nauzu».

 

 

Amodio gati...

Amodio grinak sututa...

 

                         I

Huni zaionak behatzen dü entzünen

Irixibau'ko semia nula hil den.

Etxandi Garindañe'k beitü eho Maule'n,

Merkhatütik ützultzian, bidean gañen.

 

Bertso auek jartzen ditut jakin dezazuten,

Irixibau'ko semia noiz ta nola il den.

Etxandi-Garindaiñeko'k eman dio azken,

Maule'ko merkatutik etxera etortzen.

 

                         II

Luzto gaxua Maule'n zen, deseñ hunin,

Nahiz ehailiareki bakia egin.

Aihaltü ziren algarreki, Xaxienin,

Eta etxerat abiatü, destenorin.

 

Luzto gaixoa Maule'n zen asmo onenakin,

Onezkoak egin nairik iltzaillearekin.

Xaxienian afaldu zuten alkarrekin,

Ta etxera abiatu gau illunarekin.

 

                         III

Hiriti jalkhi zirenin, hasi ziren,

Ihurk etxakin zer gatik, aharratzen;

Bena Luzto'ren botza bertan ixiltü zen,

Hamahiru nabela khaldü beitzin ükhen.

 

Erritik atera eta asi omen ziran,

Iñork ez jakin zergatik asarre bizian

Baiñan Luzto'ren abotsa laister ixildu zan,

Amairu aldiz labaiña josirik soiñian!

 

                         IV

Gaia oro igaran zin ezin-bestin,

Lehen igarailia-ganik hel beharrin.

Hura heltü zeioneko, zen hil phüntin:

Hari bortxa erran zelon nurk eho zin.

 

Gau guztia pasa zuen oiñaze batian,

Lenen bidaztiaren zai egon biarrian.

Ura eldu zanerako zegon il-zorian,

Ari nekez esan zion iltzaillea nor zan.

 

                         V

—Hel zakhitzat, goizik jeiki igarailia,

Ekhusazü ene khorpitz kolpatia.

Bestek egin beteitade ehaitia,

Zük othoi egin izadazüt, zeñatzia.

 

—Igaraille gotztar ori, urbil zakit arren,

Ta ikus gorputz au zauriz odoletan joaten!

Beste batek eriotza eman dit ementxen,

Zuk, otoi, lagun zaidazu kristauki ziñatzen!

 

                         VI

Irixibau'ko semiaren kausa zer zen,

Nulaz etsai izi garria haren beitzen;

Behar zian ükhenik izan hanitx ogen,

Hainbeste aldiz lanthatzeko nabelaren.

 

Irixibau'ko semea, bixtakoa dena,

Etsai amorratu bat zen iltzaillearena;

Pentsatu bear zuela nolabait ogena,

Ainbeste aldiz sartzeko labaiña barrena.

 

                         VII

Etxandi'ren amoria ohit bethi,

Zeren zordün jarri ziren Jinkuari.

Zure kosia hil izan beita zure gati,

Arima zeizülakoz nahi salberazi.

 

Etxandi'ren maitaria oroi zaitez beti,

Jainkoa'rekin zorretan zeradela jarri.

Zure lengusua dago illotza zugatik,

Arima nai zizulako salbatu-erazi.

 

                         VIII

—Etxandi'rentako ni khexü bethi,

Haren amoria benin nik askazi.

Nik hari erran ezkuntiak litzan ützi:

Hitz horren erranez nai eho, hañ krüdelki.

 

—Etxandi'rekin asarre nintzan aspaldian,

Nere aide bat maitari zuela jakiñian.

Esan nion ezkonduak uzteko pakian,

Orra zergatik il nauen ain era txarrian.

 

                         IX

Posible deia, Etxandi, hi hañ handi?

Nulaz eta egin dian ehaite hori?

Bizia dianak idekitzen jentiari,

Beria ere zor diala orhit beri.

 

Posible al da, Etxandi, i, ain gizon andi!

Nola egin ezakekan ilketa beltz ori?

Bizia dionak kentzen lagun urkoari,

Norberea zor duela gogoratu bedi.

 

                         X

Zazpi haurren aita baten kolore zen,

Emaztia zialarik bizi etxen,

Amore gatik ari ledin gizun hiltzen;

Satan etzen hareki gaxki libertitzen.

 

Zazpi aurren aita baten a zer itxura zen,

Emaztea zuelarik etxean bizitzen,

Amore-griñak sututa ari gizon iltzen!

Satanas etzen arekin gaizki libertitzen!

 

                         XI

Orai jüstizietan krima handik:

Kreditak dütienek pharkatürik,

Eta praube justuak aldiz pünitürik:

Pilatüs uduri beitira oraiko jüjik.

 

Gaurko justizi moduan ilketa beltzenak,

Dirua euki ezkero barkaturik denak;

Kastiguen mende, berriz, beartsu zuzenak,

Pilatos iduri dute gaur juezik geienak.

 

                         XII

Berset horien egilia jüjen gati,

Presuntegian egon da injüstoki,

Eta galdü bost etxalte haiegati:

Zunbait jüsto den jüstizia phentsa horti!

 

Bertso auen egillea juezen erabakiz,

Presondegian egon da bidegabe guztiz,

Eta bost etxalde galdu beren azpikeriz:

Justizia zein den zuzen ikus zuen begiz!

 

 

        I

        Lendabiziko neurtitzak dio: «Huni zaionak behatzen dü entzunen», au da, «oni dionak aditzen entzungo du»; alegia, nere ustez esan nai du, bertso sail oen esanari dionak aditzen (kaso egiten) entzungo (edo jakingo) duela Irixibau'ko semea nola il den. Nik libre xamar itzuli dut. Ba-dakigu, zenbait aldiz esanik, «behatü» pasivoki irabiaturik «entzun» edo «aditu» dela.

        Irugarren neurtitzean: «Etxandi Garindañe» = Etxandi Garindañeko, ots, deituraz Etxandi, eta Garindaiñe irikoa. Ikus gai onezaz Jon Mirande jaunak emandako argibideak «Bi berset dolorusik» deitu bertsoetan, amaikagarren ahapaldiari dagozkion komentarietan, Musde Alkhat Barkoxe dela-ta. Tankera beronetan ageri zaigu «Etxahun Barkoxe», «Defis» izena daraman bertsosailleko bederatzigarren ahapaldian.

        «Eho» (gure «eio»ren senide) aditzari Lhande'k zazpi esangura eraxten dizkio: 1) Moudre (moler); 2) digerer (digerir); 3) rouer (enrodar (1), apalear); 4) tisser (tejer); 5) rosser (zurrar); 6) TUER (matar); 7) eteindre (apagar). Emen, zalantzarik gabe, seigarren zentzua dizu.

        Laugarren neurtitzean: «Biden gañen». Espresiño au eztugu erabiltzen gure aldean. «Bidean bertan» (bide-bidean), esan nai ote du?, galdetzen nion zuberotar adiskide maiteari. Erantzuna: «Biden gañen» esan nai du «bidean», besterik gabe, edo «bidean zijoaztela».

 

(1) Itz onetzaz dio gaztelar-iztegiak: «Imponer el suplicio, abolido ya, de despedazar al reo sujetándole a una rueda en movimiento».

 

 

        II

        Lenengo neurtitzean: «Deseñ hunin» = asmo onean. Iztegiek eztakarte «deseñ» itza, «dessein» (designio, idea) itzetik artua dagoelako, noski.

        Bigarren neurtitzean: «Nahiz ehailiareki» = nairik iltzaillearekin. Lhande'k itzulpenok ematen dizkio «ehaile»ri: a) tisserand (tejedor); b) fig. animal qui marche portant ses jambes en dehors (animal que camina llevando sus patas hacia fuera); c) genre d'insecte aptère qui marche sur la surface des eaux (especie de insecto áptero (sin alas) que anda sobre la superficie de las aguas; d) ASSASSIN. Azken zentzu au dauka gurean.

        Irugarren neurtitzean: «Aihaltü ziren algarreki» = afaldu ziren (zuten) alkarrekin. Zorigaitzez, «afaldu», «bazkaldu» eta alakoen pasivotasuna galdurik da gure artean.

        Laugarren neurtitzean: «Destenori(a)n» = desorduan, desgaraian, garaia pasata.

 

        III

        Bigarren neurtitzean: «Ihurk etxakin» = iñork ez jakin. Aditzizen ezezkor onezaz dio Larrasketa'k oarrean: «Etxakin» = ez jakin (cf. en biscayen: etxako igarten pour ez jako igarten, et même etxauna pour ez, jauna»). Nik, egia esan, «etxauna» ez dut ezagutzen, baiñan bai, bizkaieraz ere, etxaramon = ez jaramon. «Aharratzen» asarratzen. Lhande'k «aharra» = querelle, dispute bruyante (querella, disputa ruidosa) itzultzen du eta «aharratu» = se quereller.

        Laugarren neurtitzean: «Hamahiru nabela khaldü beitzin ükhen», dio Etxahun'ek. «Beitzin ükhen» aztertuz (gip. = baitzuen izan), idazten nion Zuberotar jakintsuari: Guk ez genduke «izan» aditzizena erabilliko kasu ontan, ARTU, JASO, BILDU edo alakoren bat baizik. Onelatsu: Amairu labainkada baitzuen (edo «baitzituen»?) artu. Pluralizatu bear ote da ala ez kasu onetan? Zuk seguru aski ezetz diokezu eta zuberoeraz ala izanen da zalantzarik gabe. Neri, gipuzkeraz, belarriak pluraleko adizkera eskatzen dit, baiñan enaiz segur gure baserritar edo bertsolari batek pluralizatuko luken. Erantzupena: «Ukhen» korrientki erabiltzen dugu zentzu orretan (eta uste dut euskera jatorra dela, frantsesez ez baita «avoir» orrela usatzen. «Eraiki», «bildu» ere erabil ditezke, ez ordea «hartu». Bainan berriz ere diotsut «ükhen» korrente da; esaterako ama batek aur gaizki ezi bati esango dio: «beharrondoko bat ükhenen duzu» eda... «üzkin ükhenen duzu». Susmatu duzun bezala, nik ere, Etxahunek bezala, ez nuen aditza pluralizatuko, «nabela kholpü» ez baita itz mugatua (zentzuaren aldetik bai, bainan ez gramatikaren aldetik, ots, muga-itza ez dakar). Bainan esango nuke: «Ukhen zütin hamahiru nabela kholpik». Ez dakit euskararen usantza jatorrena zein den; guretzat, oraiko Zuberotarrentzat, arau zeatza da ori; bainan uste dut «manexek» pluralisatzen dutela askotan; beraz, Gipuzkoa'ko baserritar jatorrek ere zuk bezala egin dezakete». Irakurleak igarriko zion, noski, Mirande jaunak, oarkabean «khaldü» itzaren ordez «kholpü» (= golpe) erabilli duela. Jakin erazi dezagun ere, «ükhen zütin hamahiru nabela-kholpik» = izan zituen amairu nabala kolpeak itzuli bear dela gipuzkerara.

 

        IV

        Lenengo neurtitzean: «Ezin-bestin» = ezin-bestean. Lhande'k onela itzultzen du ezin-beste: transe, difficulte, fmpuissance. Ezin-beste hartan zelarik - tandis qu'il était dans ces transes.

        Bigarren neurtitza, «Lehen igarailia-ganik hel beharrrin» = lenen igaroko zenarengandik baliatu bearrea, itzuli bear dela uste dut. Gaiñerakoan, Lhande'k zentzuok eraxten dizkio «HEL»i: 1) cri d'appel: accourez! (grito de llamada: venid!); 2) sens général d'arrivée (sentido general de llegada); 3) Idée d'atteinte (idea de alcance). Azken ideia onekin dator ondoena, noski, Etxahun'ek «hel»i eraxten dion zentzua.

        Irugarren neurtitzean: «Zeioneko» = zitzaioneko. Campion'ek onela joka-erazten du: nintzeyon, zintzeyon, ZEYON, gintzeyan, zintzeyuen, zeitzon. Ez bitez nahas «zeyon» pasivoa eta aktivoa (zion). Au, onela irabiatzen du Campion' ek: neyon, zeneyon, ZEYON, geneyon, zeneyuen, zeyuen.

        Laugarren neurtitzean: «Bortxa» = nekez. «Difficilement» itzultzen du Larrasketa'k. «Erran zeion» = esan zion. «Eho zin» = il zuen.

 

        V

        Lendabiziko neurtitzean: «Hel zakhitzat» = zatozkit (laguntzera). Zerbait alatsu itzuli bear dela uste dut, Larrasketa'k dionez «heltü» zuberotar aditz-izenak esan nai baitu «venir en secours de», venir en socorro de). Perifrastiku-eran «eldu zakit» (edo «zakizkit») itzul diteke. Campion'ek onela irabiatzen du era aginkor au: zakitzat, bekit, zakitzade, bekitzat. Gipuzkeraz: zakit (eda «zakizkit»), bekit, zakizkit (edo «zakizkidate»), bekizkit. Oar gaitezen, Campion'ek ez darabillela «h» rik «k»ri uztartuta. Gipuzkerazko konjugaziñoari buruz esan dezadan, nere uste apalean, «zakizkit» eta «zakizkidate» formak jatorragoak eta bizidunagoak direla «zakit» eta «zakizkit» baiño, batetik, singularreko bigarren pertsona beti pluralizatzen delako (zu za-to(r)-z) bere jatorriagatik eta pluraleko bigarrenak bi pluralizagille daramazki (zuek zato(r)-z-te) singularretik bereizteko. Gaiñera, euskalki guziak lege au jarraitzen dute. Bizkaieraz: zakidaz-zakidaze, Laphurdieraz: zakizkit-zakizkitet, Zuberoeraz: zakitzat-zakitzade (zakitzat-de).

        «Goizik jeiki igarailia» = goizik jaikitako bidaztia. «Igaraile» itz zoragarriak eztu, nik dakidalarik, itzulpenik gurean, eta orregatik Zuberoa'ko ele au errespetatu egin dugu gipuzkerazko bertsoan. Emen, nolabait aditzera eman bearrez, «bidazti» itzaz baliatu naiz, baiñan, ezta berdin.

        Bigarren neurtitzak dio: «Ekhusazü ene khorpitz kolpatia» = ikus ezazu nere gorputz zauritua.

        Irugarren neurtitzean: «Beteitade» = baitidate. Etxahun'ek «deitade» erabilli oi du gure «didate» aditzera emateko, baiñan, Campion'ek darabillen forma —iñoiz esan dugun bezala— «deitaye» da (deitazü, deit, deitazie, deitaye). Gip.: didazu, dit, didazute, didate. «Ehaitia» = iltzea. «Ehaite» = assassinat, itzultzen du Lhande'k.

        Laugarren neurtitzean: «Izadazüt = (i)zaidazu. Bi dativodun aditz-jokoa. Campion'ek anela irabiatzen du: izadazü (1), bizat, izadazie, bizade (zaidazu, bizait, zaidazute, bizaidate).

 

(1) Utsegitez «izadadazü» dakar, ots, da i da, baifian, beronen plurala «itzadatzü», -da- batekin, alegia. Beste toki batzuetan ere naigabezko eta dudagabeko utsegiteok zuzenduta eman ditut.

 

        VI

        Bigarren neurtitzean: «Haren beitzen». Onezaz nion Pettar jakintsuari: Benetan arritu nau esaera onek. Gurean elitzake zillegi, Ez ote du neurriaren eskabidez «harena» laburtzen azken -a janaz? Erantzuna: «haren heitzen», ez da «haren-a» laburturik, baizik «harentzat, harentako»: Genitivu utsa attributivuaren ordez orrela erabiltzea, zillegi da gure euskalkian». Lege onen berri banekiela esan bearrik ezta, askotan aipatu baitut Etxahun'en bertso lanean, baiñan kasu ontan —gizonok sarri itxutzen baikera— ez nuen ikusi.

        Irugarren neurtitzak onela dio: «Behar zian ükhenik izan hanitx agen». Oar gakizkion guretzat ain bitxi den esaera oni eta itzul dezagun itzez-itz obeto konturatu gaitezen: Bear zuen IZANIK izan erru asko. Ezin uka guretzako gogortxoa egiten dela.

        Laugarren neurtitzak dio: «Hainbeste aldiz lanthatzeko nabelaren». Gixa entako joskera arestian ikusirik gera Etxahun'en beste bertso batean, «Urz'aphal bat»en, alegia: «Behar zütüt utzi lotsaz etxekuen» = bear zaitut utzi etxekuen bildurrez. Joskera trukatuok bertsoetan bakarrik dira zillegi, baiñan ezin uka bertsoari eder-aire lilluragarri bat eraxten diela. Joskera zuzenean onela litzake: «Hainbeste adiz nabelaren lanthatzeko». Gipuzkoa'n eztugu genitivu tankera xarmant au erabiltzen. Orregatik gure eran itzuliko dugu: Ainbeste aldiz labaiña sartzeko. «Lanthatü» = planter (plantar) da berez, Lhande'ren arabera, baiñan zentzu irudikorrean «enfoncer» (hundir, clavar, meter). Ezpata landatu - enfoncer son épée.

 

        VII

        Lenengo neurtitzean: «Amoria» - la maîtresse (amante, querida): mot peu employé en Soule, dio Larrasketa'k. Lhande'k zentzu berbera ematen dio «amore» itzari eta «amorus»en  (amoureux, amantes) aldakera bezala ematen du.

        Neurtitz bereko «ohit»ez onela idazten nion Jon Mirande jaunari: Zalantzarik gabe «orhit(ü)»ren laburpena da, baiñan, bada ezpada ere zure baiezkoa nai nuke. Kasu ontan geran ezkeroz, jakin nai nuke zergatik -tu atzizkiarekin egiten dituzuten aditzizenetan, emen bezala, imperativo - subjuntivo - potenzialetan -t eraxten diozuten aditz-erroari eta -u baztertzen. Esaterako: «Orhit zite bethi», «ekar (e)zazu» esaten den bezala? Pentsa liteke, konparazio batera, «orhoit adi»n -t orrek alkartasun eginkizun bat duela, alegia, «oroi» eta «adi» josi, baiñan «orhoit zaite»n -t ori traba bat besterik ezta, oguzkera legeak «orhoi zaite(z)» eskatzen baitu. Au-dela-ta, ezin uler nezake lege onen arrazoia. Erantzuna: «O(r)hit» ez da «orhitü»ren laburpena, itz beregain bat baizik (naiz «orhitü»tik eratorri deverbativu bat den dudarik gabe). Adjektivu bezala erabiltzen dugu, eta «oroitzen edo gogoratzen dena» esan nai du; adibidez, «zützaz ohit nüzü, eta ohit nukezu bethi» esan diteke. Bainan, jakina, «ohitü» aditza ere erabiltzen dugu. Ene ustez, adjektivua erabiltzen dugu egoera iraunkor bat adierazteko ; eta aditza egintza bat adierazteko —gogoratzeko aktua—. Esaterako: «zutzaz ohit nüzi bethi»; bainan «bihar, iratzartzin, zützaz ohitüko nuzu». Beraz:

                1º.) «Zützaz ohit nuzu»: ohit = adjektivu.

                2º.) «Ohit zite bethi»: ohit = ohitü aditza -ü kendurik, imperativoa delako.

        Eta orain, zure galderaz, eia zergatik batzuetan -t gordetzen dugun, batzuetan ez, ari gaitezen; bainan ori auzi nastua da. Ba dakizu guk, Zuberotarrek eta Manexek alaber, beti -ezan- eta -edin- aditz laguntzalleekin konjugatutako moduetan (imperativua, subjunktivua, suppositivua) ez dugula aditz-izena erabiltzen osorik, bainan atzizkia (-i, euskol aditz jatorrikoa ba da, edo -tu, -du, izen batetik eratorri ba da, gizendu, gizendu, etc. edo erderatik artua, kontsolatu, arranjatu), atzizki ori, diot, kentzen dugula. Lenago, zuek ere, Giputzek eta Bizkaitarrek, ala egiten zenuten, uste dut.

        «Problema da: zergatik -du edo -tu bukatzen diren aditz-izenetan, zenbait aldiz -du edo -tu osorik kentzen dugu, aditz-erroaren azkenean? Zoritxarrez, problema ori askatzen ez naiz gai; esan dezakedana da, kasurik geienetan -tu edo -du osorik kentzen ditugula: sar zite, aphal ezak, sal ezazu, sor dadin... Ala ere, beti «ohit» erabiltzen dugu, ez sekula «ohi» (aditz-erro bezala, baitugu beste itz bat «ohi», zuen oi). Bearbada, kasu ontan arrazoia da «ohit» adjektivua eta «ohit» aditz-erroa itz berdina dela sentitzen dutelako mintzatzaileek (egia baita ere: syntaxisaren aldetik bestelakotu ba dira, etymologiaren aldetik, goian nioen bezala, biok berak dira, «ohit» adjektivua «ohitü»ren deverbativua baita). Zergatik, ordea, «ohitü» aditz-izenetik aditz-erro eta adjektivu deverbatibu bezala «ohit» moldatu dugun, eta ez «ohi», ez dakit zigurki, bainan ba liteke «ohi» (= zuen «oi») adjektivuarekin ez nahasteko. Zer nai den, auzi oso korapillotsua da au, eta beldur naiz ene azalpenak ez direla «argimenduak» izango zuretzat. Lenago Mitxelena'ri theoria bat entzun nion, aren araura -tu edo ­du atzizkiekin bukatzen diren aditz-formak latin supinotik edo españaletik artuak baitira, eta -t atzizkiarekin bukatzen direnak biarnesetik jesanak baitira; phonetikaren aldetik izpidean dago noski; bainan theoria orrek ez du azaltzen zergatik bi forma oriek (jatorriz berdinak direnak, biarnes -t ori latin supino -tu(m)'etik baitator ain differentki erabiltzen diren: -tu'dunak beti «ükhen» eta «izan» aditz-laguntzalleekin, eta ­t'dunak beti ­eza- eta ­edi- aditz laguntzalleekin. Bearbada galdegin bear zenioke berari (eia zerbait berri idoro duen). Nere ustez, «o(r)hit»en kasuan bezala, -t'dun formak erabiltzen ditugun beste kasuetan ere bereizkuntzaren bat egiteko izango da. Esaten dugu, adibidez, «ez dezala sobera jan, ehadin gizent» (1) edo «ehadin lodit», erakusteko emen bi aditz-erro ditugula, eta ez «gizen»edo «lodi» adjektivuak (???)».

        Irugarren neurtitzean: «Kosia» (kosi-a) ematen digu Etxahun'ek eta Lhande'k «cousin» (primo) bitara ematen du: «kosü» eta «kosi». Bi forma auek «kosia» ematen duten ezkeroz, jakin nai nuke, —galdetzen nion Zuberotar adiskide maiteari— Etxahun'ek forma mugatua nundik aterea duen, «kosü»tik ala «kosi»tik. Ba-dirudi, bestalde, Etxandi'ren amoria eta Luzto, Etxandi'k il zuena, alegia, alkarren artean lengusu-lengusiñak zirela. Erantzuna: «Kosü» farma (= lengusu) ez dugu erabiltzen Pettarrean (au da «Basse-Soule»); bainan ongi o(r)hit ba naiz, Peillen'i entzun izan diot Basaburuko forma litzake beraz-. Guk esaten dugu: a) mugatugaberik «kosi» = lengusu; eta «kosia (í akzentuduna) = lengusiña. b) mugaturik: «kosía» (í azkentuduna) = lengusua; Etxandiren oaidea il izan zen Luztoren lengusiña baitzen. (Kantu eder orren protagonistak ene aitarekin adiskide aundi den familia batekoak dira; Etxandi'koak, esan nai dut; Garindañeko etxe bat da. Orrengatik ene aitak askotan kantatzen du Etxahunen kantu ori; bainan orain arte ez zidan argimendurik geiegi eman nai jende-izenen gainean, beldurrez zerbait idatz nezan Etxanditarrentzat laidogarri litzakena... Bainan orain ezagutzen ditugun Etxanditarrak Norte-Amerikan emigratuak daude, eta jende oso ohoragarriak dira...».

        Laugarren neurtitzean: «Zeizülakoz» = zizulako. Arturo Campion euskaldun Maixu ahaztu-eziñak onela irabiatzen du: neizün, ZEIZÜN, geneizün, zeizien.

 

(1) Ba-dirudi, zentzuaren aldetik, onela gipuzkeratu bear dugula: «Ez dezakala geiegi jan, ez adin gizen(du)». Campion'ek, ik dezakala-dezakala = ik dezayala-dezañala, ematen du, baiñan, ez du batere arritzekorik «dezayala -dezaala- dezala» izatea Mirande jaunak ematen digun formaren martxa. Arestian ikusirik gera gaiñera antzeko kasua: «Eztizadala gal osoki gogoa» = ez dizaidakala gal osorik gogoa («Filipeñekuak», zazpigarren ahapaldia). Morfologiaren aldetik ba-dakigu zukako irugarren pertsona «dezala» berdiña dela, baiñan Jon Mirande'ren adigarrian ez diteke izan, bigarren pertsonari dakokiolako eta iketan ari delako.

 

        VIII

        Bitxi baldin ba'da ere —idazten nion Zuberotar olerkari aundiari—, ba-dirudi, Etxahun'ek 5'garren eta 8'garren ahapaldiak il-agiñean datzan Luzto'ren aboan jartzen dituela. Onegatik uste dut kameni litzakela, alkar-izketako marra bat ipintzea ahapaldi auen aintzinean. LhandeLarrasketek ez dute egiten, baiñan zu ene irizkide baldin ba'zera beñepein, nik jarri egingo nuke. Erantzuna: «Bai, 5- eta 8-garren ahapaldiak iltzera dijoan Luztoren aboan daude, dudarik batere gabe. Beraz, elkarrizketaren marra bat ipin dezakezu bion aintzinean».

        Lenengo neurtitzean: «khexü». Itz au aldakera —variante— askotxotan itzultzen du Lhande'k: soucieux, inquiet (solícito, inquieto) - qui est d'humeur chagrine (de mal humor) - fâché, irrité, en colere (enfadado, irritado, colérico) — impetueux, violent (impetuoso, violento) ­ inquietude, souci, mécontentement (inquietud, cuidado, descontento, disgusto). Egokienak zein iduri? —galdetzen nion gure adiskideari—. Soucieux, inquiet, apika? Erantzuna: «Khexü», nik dakidan euskeran, beti «fâché, irrité, en colère» adierazteko usatzen dugu; ez beste zentzuetan; naiz beste zentzuok ezagutuagoak diren beste euskalkietan (beste zentzuok espainal jatorretik artuak)».

        Bigarren neurtitzean: «Benin» (benian) = bainuen. «Askazi» = aide (pariente).

        Irugarren neurtitzean: «Ezküntiak litzan ützi» = ezkonduak utzi zitzan, Campion'ek «letzan» ematen du «litzan»en ordez. Onelaxen joka-erazten du singular-pluraletan: nezan-netzan, zenezan-zenetzan, lizan-LETZAN, genezan-genetzan, zenezen-zenetzen, lezen-litzan. Arritzekoa da ordea, pluraleko irugarren pertsona LITZEN eginda (i'rekin, alegia), singularrekoa ez egitea LITZAN. Bearbada okerraldi bat izan zuen gure Maixuak, singularreko LEZAN'en influentziaz bearbada. Gipuzkerazko irabiakerak eztu alde aundirik: nezan-nitzan, zenezan-zenitzan, zezan-ZITZAN, genezan-genitzan, zenezaten-zenitzaten, zezaten-zitzaten.

        Laugarren neurtitzean: «Hitz horren erranez nai eho» = itz ori esanez il nau. Gipuzkeraz akusativo tankeran eman bear da genitivoaren ordez.

 

        IX

        Lendabiziko neurtitzean: «Posible deia» = posible al da.         Bigarren neurtitzean: «Egin dian» = egin dukan. Onezaz idazten nion Zuberotar adiskideari: Ba-dirudi «dian» aditz-jokoa «dukan»i dagokion forma alokutivoa dela, baiñan eztaukat segurantzirik. Gaiñera jakin nai nuke, gramatikari dagokionez, ez ote den «dikan» esan bear. Izan ere, ba-dirudi «düt»en ordezkoa «dit» baldin ba'da, «dük»en ordezkoak «dik» bear duela. Mirande jaunak zuhurki: «Egin DIAN»: bai, dian = dük+an. «Dikan» formarik ez dugu ezagutzen. Ba dituzu forma oiek:

        «Egin dük» = zuen «egin dek» (ik); relativuan: egin dián.

        «Egin di» = «egin du» (ark) allokativuan; relativuan: egin dín; bainan lenago eta orain ere toki batzuetan noski «egin dian» berdinki. «Düt»en ordezko allokativua «dit» ba da ere, diozun bezala, «dük»ek ez du ordezko allokativuaren bearrik, bera «allokativua» delakotz, ikako forma alegia. Edo bestela, «ba da»-ren forma allokativua da bera». (nük, DÜK, gutuk, dutuk konjugaziñoari dagokiona osan nai du noski gure adiskideak, bai-baitakigu «etorri dü» = «etorri dek» dela eta zuka «etorri DA». Beroiei dagozkien zukako allokutivoak ostera, autxek dira: nüzü, duzu, gutuzu, dutuzu (naiz, da, gera, dira).

        Neurtitz berberan: ehaite = ilketa, ilkintza.

        Irugarren neurtitzean: «Bizia dianak idekitzen jentiari» bizia DUENAK kentzen jendeari. Baiñan, gipuzkerak «dionak» eskatzen du.

        Laugarren neurtitzean: «Zor diala» = zor duela, «Orhit bedi» = oroi bedi.

 

        X

        Lenengo neurtitzak onela dio: «Zazpi haurren aita baten kolore zen». Bertso-lerro ontaz idazten nion Mirande jaunari: Guk eztiogu «kolore»ri zentzu irudikorrik eraxten eta ezin nizaioke doi-doi igarri emen Etxahun'ek esan nai duenari, baiñan bai gutxi-gora-behera. Nik gipuzkeraz onela emango nuke: Zazpi aur dituen aita baten ITXURA al zen... Edo... A zer ITXURA zazpi aur dituen aita batena! Gogoan eduki dezagun Larrasketek «kolore zen» = c'était vraisemblable (era verosímil) itzultzen duela, esaera oni «ironique» deituz. Erantzupena: «Zazpi haurren aita baten kolore zen», itzez-itz itzulirik esan nai du: «zazpi haurren aita batentzat egoki zen» (ironeiazki mintzo, jakiña). Bainan zure itzulpena «itxura» ere ongi dator. Aurrera jarraitu baiño len, aitor dezadan, beinbat geiago ez dudala ikusi emen «baten» = batentzat dela. Ala ere, nere itzulpenean «Zazpi aurren aita baten» itzuli dut, hemistikio onek zortzi silabakoa bear duelako izan eta «batentzat» etzitzaidan kabitzen sillaba batez. «Batentzat» ipintzeko biderik arki eziñean, beste itzulpen libre au otu zait, irakurleari obeto ba'derizkio: «Zazpi aurren aita orrek zertan du pentsatzen?»

        Bigarren neurtitzean: «Zialarik» = zuelarik,

        Irugarren neurtitzean: «Ari ledin» = ari zedin. Campion'ek onela irabiatzen du: nendin, zintian, LEDIN, gintian, zintiyen, litian (gip. nendin, zintezen, zedin, gintezen, zintezten, zitezen).

 

        XI

        Lendabiziko neurtitzean: «Krima» = crime = crimen.

        Bigarren neurtitzean: «Dütienek» = dituztenek (activo).

        Irugarren neurtitzean: «Pünitürik» = kastigaturik (franc. punir).

        Laugarren neurtitzean: «üdüri beitira» (pasivo), guk aktivoeran itzuli dugu (iduri dute).

 

        XII

        Laugarren neurtitzean: «Zunbat jüsto» = zein justo!, zeiñen justo! (Zunbat = combien, gazteleraz «cuán», Lhande'ren iztegian).

 

Hiltzerako khantoria

Iltzerako kanta

 

                         I

Nahi balin ba'gira hil eta salbatü,

Arte huntan behar gira kunbertitü;

Bekhatü egiteko kostüma kitatu,

Leheneko eginetzaz nigarretan sarthü,

        Berriz ez lerratü,

        Ahalaz begiratü,

        Hiltziaz orhitü,

        Untsa kobesatü:

Denbora joanez geroz ezta profeitü.

 

Nai ba'dugu kristauok il eta salbatu,

Bizi geran artean bear oneratu;

Pekatu egiteko oitura baztertu,

Lengo gaizki egiñez negarrez damutu,

        Berriz ez okertu,

        Kementsu saiatu,

        Iltzeaz oroitu,

        Ongi konfesatu:

Denbora joanda gero balio ezpaitu!

 

                         II

Hebeti juanez geroz ezta profeitürik:

Eternitatiak eztü ürhentzerik.

Zunbat arima diren han kundenatürik!

Sekül'ez esparantxa hanti jalkhitzerik!

        Hetzaz orhitürik,

        Umiliatürik

        Edsenplü hartürik,

        Gira harritürik,

Nuiz nahi juaiteko mündü huntarik.

 

Emendik joanda gero ezta probetxurik:

Egiazko bizitzak ezpaitu azkenik.

Zenbat arima diren an kondenaturik!

Esperantza galduta ertetzeko andik!

        Aitaz oroiturik,

        Txit umillaturik,

        Ejenplu arturik,

        Gera arriturik,

Noiz-nai joan bear baitugu mundu onetatik

 

                         III

Ikhus dezagün zer den gure izatia:

Deüser'ezta mundu huntako bizia!

Utzi dezagün arren gur'ertzokeria,

Et'untsa edsamina gure kuntzentzia:

        Beste mündian da

        Gure jüjatzia,

        Jinkuen jüstizia,

        oren lazgarria!

Eternitateko denboren lüzia!

 

Ikus dezagun zer dan gure izatia:

Deus ere ezta mundu ontako bizia!

Utzi dezagun, bada, bide galgarria,

Eta ongi aztertu geron konzientzia:

        Gero da auzia,

        Gure juzgatzia,

        Jainko justizia,

        Ordu txit larria!

Betiko Bizitzaren iraute luzia!

 

                         IV

Jinkuk igorriren dü zelüti mezia:

Mezüllera beitate gure hiltzia.

Hura jinez gerozti, juan behar gira;

Gure jüjazalia han prest izanen da:

        Gure obra hunen

        Bai eta gaxtuen

        Güzien arabera

        Jüjatüren gira:

Memento lazgarriak ordian dira!

 

Zerutik bialduko mandatu Jainkoak,

Mardataritza digu eingo Erioak.

Ura etorriz gero, joan bear enetxoak

Gure Juezarengana garbitzera zorrak:

        Antxen obra onak

        Bai eta gaixtoak

        Neurtuko denak

        Jaungoiko Altsuak:

Orduan guretzako zer estuasunak!

 

                         V

Ande dena Maria, birjina garbia,

Zure lagünguaren beharrian gira!

Ofentsatü ba'dugu zure Semia,

Zure Semia eta gure Jaun handia

        Gitian ümilia,

        Denboraz balia,

        Eternitatiaz

        Orhitzen ba'gira,

Zelüko borthak zabaltüren dira.

 

Andre dona Maria, Birjiña garbia,

Zugana gatozkizu laguntasun billa!

Mindu baldin ba'dugu zerorren Semia,

Zerorren Semia ta gure Jaun aundia:

        Gaitezen umilla,

        Denboraz balia;

        Geroko bizia

        Bedi gure gida,

Ta zeruko ateak zabalduko dira.

 

        Larrasketa'k «Hiltzerako Khantoria»ren sarrerakoan, lerro txit jakingarriak ematen dizkigu Piarres Topet Etxahun'en ezaungarri. Gure bertsolaria soiñez-soin ezagutu zuen pertsonaren itzak dira ondoren aldatuko ditugunak. Testigu oni Jean Berrogain zeritzan eta Larrasketa'ren lengusu zen. Goitola basetxean jaio zen 1839' garren urtean (Agorraren 25'ean) eta 1923'garren urtean il (Epaillaren 19'an). Onela dio Larrasketa'k bere azalpenean:

        «La questson s'est posee si ces couplets sont bien d'Etchahun. Ce n'est pas douteux. J'en ai une preuve indiscutable. Je les ai en effet appris, dans mon enfance, d'un cousin né à deux kilometres de la maison du poste, en 1839: il avait donc vingt-trois ans à la mort d'Etchahun, en 1862, et dix-huit ans environ, lorsque cette chanson fut lancée dans le public. Or ce contemporain du poète, excellent chanteur, les attribuait à Etchahun, qu'il disait avoir beauccup frequenté dans les «olhak» d'Arrotzolatze, vers 1855. Etchahun était, d'après lui, de petite taille, aux épaules larges et «carrées», au caractère froid et silencieux, à la parole goguenarde et spirituelle, a l'âme toutefois sensible et bonne; chanteur banal mais excellent «koblakari».

        Bijoa itzulpena frantzesa ulertzen ez dutenentzat:

        «Galdetu bearrekoa zen noski bertsuok benetan Etxahun'enak ote diren. Eztago zalantzarik. Eztabaidan ezin ipiñi ditekean proba daukat. Izan ere, nere aurtzaroan ikasirik ditut, 1839'garren urtean koblakariaren etxetik bi kilometrora jaio zen lengusu batengandik. Onek, ageita iru zituen, bada, Etxahun il zenean, 1862' garren urtean, eta emezortzi urtetsu, kanta au jende artera zabaldu zenean. Koblariaren garaikide onek, bada —kantari bikain bera—, Etxahun zeukan beronen egilletzat; esaten baitzuen maiz joan oi zela Arratzolatze (Arratzolhatze?)'ko «olhetara» 1855 inguruan. Etxahun, berak zionez, luzera urrikoa, sorbalda kuadratu zabalekoa, izakera otz eta ixillekoa zen. Itzez, iskirioti ­burlagille— eta burutsu; arimez, ordea, sentibera (1) eta on; kantari arrunta, baiñan, koblakari bikaiña».

 

(1) Iru itz ibilli ditut jokoan «sensible» itzultzeko: sentibera, biozpera eta sentikor. Azken au, Gipuzkoa'n beñepein, Azkue'k bere iztegian dakarren bezala darabilgu erabat: «hombre sensible, delicado de caracter, puntilloso» (erdin emakumeagatik) eta ez deritzait —naiz-ta nere ustez Etxahun benetan sentikorra izan— au denik, ain zuzen Larrasketa'k esan nai duena, sentikor izatea ezpaitator guztiz ongi ontasunarekin. Biozpera ere eztut uste kasu ontan itzulpen zeatza denik eta orregatik jo dut «sentiberara», egillearen ideia ondoena aditzera ematen duelakoan. Esan dezadan ere «La question s'est posée» frantzes esaera eztakidala oso ongi itzuli dudan, izkuntza onetan ezpainago trebe. Beste era au ere gogaratu zait: «Eginbearreko galdera izan da noski...». Irakurleak barka bizait asmatu ezpa'dut.

 

        Jean Berrogain'ek —Larrasketa'ren bitartez— ematen dizkigun Etxahun'en gorputz-arima ezaugarri labur baiñan giartsuok, izugarri jakingarriak dira, batez ere —nik dakidalarik— au beste testigutzarik ez dugulako Barkoxe'ko koblari illezkorraren nortasunaz. «Amasei seme Euskalerriko» idatzi nuenean itzuli egin zitzaizkidan lerro zoragarriok. Ez da arritzekoa! Liburu onen idazkintza korrika-apostu bat izan baitzen, Euskaltzaindia'k —nik gustoraga Euskalzaingoa'k esango nuke— eskatzen zuen biografi-kopuru izugarri batera (eztakit 60 edo 80 eskatzen zituen) sei illabeteko epean iritxi bearrez. Burua galtzeko zorian ibilli nintzan nere itobear artan. Ala're, amasei besterik ez nituen osatu ahal izan eta zorigaitzez, amaseiak utsunez beteak. Beraz, «Amasei seme Euskalerriko»ren bigarren ediziño bat egin ba'ledi, nai nuke, Etxahun'i dagokion atalean, Larrasketa'k bere lengusu Berrogain' engandik jasotako erakuspen baliotsu au ipintzea. Korrika ta presaka ezta gauza onik egiten. Ni neu beintzat sistema orren etsai amorratua naiz, damua besterik ezpaitidate ekarri orrela osatutako lanak.

 

        I

        Lendabiziko neurtitzean: «Nahi balin ba'gira» = nai baldin ba'dugu. Gurean, «na(h)i»ek aditz-joko aktivoa eskatzen du beti; ez ala Zuherotarren mintzairak.

        Bigarren neurtitzean: «Bear gira» = bear dugu. Bijoa emen ere gaiko oarpen berbera. Oso oker ez baldin ba'naiz, Bilbo'ko «Euzkeltzale Bazkuna»k sartu nai izan zuen Zuberotarren usadio au gurean, baiñan, esango nuke etzutela egin erabilkizun onetan oiñarriturik —ezagutzen zutenik ere zalantzan jartzen baitut— buruan ain sustraiturik zeukaten lojika baten izenean baizik.

        Irugarren neurtitzean: «Kostüma» = coutume (costumbre), ce que l'on fait ordinairement, dio Lhande'k.

        Laugarren neurtitzean: «Eginetzaz». Zer da su? idazten nion Jon Mirande adiskideari. Ba-dirudi gure aldean Sabindarrek —alegia, Arana-Goiri'ren euskal-eskolakoak eta auen ingurumarian beste askok ere bai gaurko egunez, naiz jakiñean naiz ez jakiñean— darabiltzen «gizon-etzaz» berdera dela. Nik uste EGINEZ bear lukela esan. Neurriaren eskabidez asmatu ote zuen forma itxusi eta gogor ori? Edo Etxahun'ek «egin hetzaz» (egin aietaz) kantatu ote zuen eta biltzailleek gaizki jaso zuten? Erantzupena: «Eginetzaz» edo «eginez» guretan berdin da; bi formak korrientki erabiltzen dira, bereizkuntzarik aien artean egin gabe. Beraz, kasu ortan beintzat, Sabindarrek ez dute berrikeriarik asmatu» (1).

        Seigarren neurtitzean: «Ahalaz» = autant que possible (en lo que cabe), Lhande'ren arabera. «Begiratü» aditzizenaz idazten nion Mirande jaunari: Lhande'k zortzi zentzu eraxten dizkio «begiratü»ri. Emen, zazpigarrena duela esango nuke: se garder, se preserver de... Erantzupena: «Zuberoan, «begiratü» aditzak bi zentzu baizik ez ditu, nik dakidanez: aktivoki erabillia denean = «garder, conserver»; eta passivoki «se garder, se preserver de». Azken zentzu au du emen.

        Bederatzigarren ahapaldia —azkena, alegia—, beste era ontara ere eman diteke: «Denbora joanda gero ezpaitu probetxu». Baiñan, itzulpen onek alderdi txar bat dauka, zera, bigarren ahapaldiko lenengo neurtitzean berriro «probetxu» itza erabiltzen dela eta bion alkar-jotzeak min dagi.

 

(1) Ain zuzen ere, Etxahun'en atzizki au aztertzen du «Jakin»en Josu Oregi ene adiskide maiteak (Ilbeltza, 1965). Onela dio: «-TZAZ egun izenekin erabilkizun ez izateak ere eztik iñork iñoiz erabilli eztuanik esan nai; ire aitak beintzat «halakoA» izen egindakoari atxiririk ematen ziguk, eta Etxahun'ek onela ziok bere olerki batean:

        ...leheneko eginE-TZAZ dolumenian sarthü

eta ori, izenordekoekin erabiltzean erakusten duanez beintzat -TZAZ-zale amorratu etzala, askotan baitzerabilzkik «horrez, harez, hez» eta antzerakoak». Oneraiño da guri zuzen dagokiguna eta ez nua geiago aldatzera. Alabaiña, irakurleari jakingarri izango zaizkio benetan Bergaratar adiskideak neri zuzendutako eskutitzean esaten dituenak -TZAZ atzizkiaren erabilkizunaz.

 

        II

        Lenengo neurtitzean: «Hebeti» = emendik.

        Bigarren enurtitzean: «Urhentzerik» = bukatzerik, azkenik. Lhande'k «ürhentze» = fin, itzultzen du, eta orobat Larrasketa'k.

        Laugarren neurtitzean: «Hanti jalkhitzerik» = andik ateratzerik. Guk «jalkhi» (jalgi, ilkhi) = erten itzuli dugu neurriak beartuta.

        Boskarren neurtitzean: «Hetzaz» = aietzaz, aietaz, aietaz.

 

        III

        Ahapaldi ontan oar gaitezen, beste zenbait lekutan bezala, itz berbera sobera errepetitzen duela. Onela ageri zaigu «gure», lenengo, irugarren, laugarren eta seigarren neurtitzean. Etxahun'en zabarkeri au ahal ainbatean zuzentzen saiatu izan gera beti, Izan ere, Aita Onaindia'k «Gure bertsolariak» liburu ederrean dion bezala (130'gn. or-ald.) jokabide ori ezpaita zillegi, gure eskualdean beñepein. Ona, Karmeldar euskalzale saiatuaren itz zuhurrak: «Ardura geiago dabe oindiño (bertsolariek) itz bera puntu baten birritan ez erabiltzeo. Erdal legeak be galazota dauko au, konsonantetan beiñik-bein, eta gure plazagizonak ez dabiltz zabar orretan: oskide itza bera birritan erabilli ezezik, AHAPALDIAN BERTAN BI ALDIZ ESAN BE EZTABE EGINGO. Ori Poto egitea, molokot egitea litzake, ta lotsagarri». Eta ona Etxahun'ek lau bider sartu itz berbera ahapaldi batean, naiz-ta, kasu ontan, puntua egiteko ez erabilli. Itzulpenean lautik bira jetxi dugu itz berberaren erabilkizuna eta alkarrengandik urruti gelditzen direlako —lenengo eta seigarren bertsoan— uste dut, gure eskualdean ere zillegi jo ditekekala ahapaldi au.

        Bigarren neurtitzean: «Deüser'ezta» = deüs ere ezta.

        Irugarren neurtitzean: «Arren» = bada (donc, Lhande'k). «Gur'ertzokeria» = gure erokeria. Lhande'k «ertzo» = idiot, imbecil, itzultzen du eta «ertzokeri» = acte, fait d'idiot. Zer ertzokeria! Quelle sottise! (que necedad!). Larrasketa'k, «ertzo» = fou (loco) eta «ertzokeria» = acte de fou. «Ertxo» = ostera, (diminutivo gixan), imbecil, idiot.

        Zortzigarren neurtitzean: «Oren lazgarria» ordu izugarria. «Lazgarri» onela itzultzen du Lhande'k: horrible, effroyable (Syn. migarri, ikharagarri). Nik, neurriaren eskabidez, «ordu txit larria» itzuli dut.

        Azkeneko neurtitza Larrasketa'k onela ematen du: «Eternitateko denboren, lüzia!», ots, koma (,) batez banandurik «denboren» eta «lüzia». Onezaz idazten nion Mirande adiskideari: Koma (,) ori nola egon diteke «denboren» eta «lüzia»ren artean? Ez ote da Etxahun'ek esan nai duena: «Eternitateko denboraren lüzian? «Izpidean zaude —erantzun zidan—, komaren bearrik eztago emen». Segurantzi onetan, eta koma ori utsegite bat delakoan, Larrasketa'ren textuari kendu egin diogu.

 

        IV

        Lendabiziko neurtitzean: «Igorriren» = bialduko. «Mezia» = (mezü-a), gipuzkeraz «mandatua». «Mezü», onela itzultzen du Lhande'k: 1) ordre, commandement (orden, mandato); 2) Avis, message, commission (consejo, mensaje, encargo). Larrasketa'k, «mezü» = message (mensaje). Eta gaiñeratzen du: «Mezüler» (mandatari) et «mezütü» (mandatu egin) sont inusités. Au lieu de «mezütü» on dit igorri mezia, envoyer le message. «Mezüler», messager, se dit mezuzale (mezü+-zale). Beraz, «mezüler» eta «mezutu» ez dira erabiltzen Larrasketa'k dionez. Ordez, mezüzale eta igorri mezia (bialdu mandatua) esan oi da.

        Bigarren neurtitzean: «Mezülera» = mandataria. Gaur egunean galdurik baldin ba'dago ere, bixtan dago Etxahun'en denboretan itz ezaguna zela. Itzulpena: «le messager» (el mensajero). «Beitate» (beit-date) = izango baita. Campion'ek onela irabiatzen du Bidaso'z goitiko adizkera bereizi au: nizate, zirate, DATE, girate, zirateye, dirate. Gipuzkeraz onelatsu esan bear: izango naiz, izango, zera...

        Irugarren neurtitzean: «Jinez geroztik» = etorriz geroztik, etorri ezkeroz(tik). «Juan behar gira» = joan bear dugu.

        Laugarren neurtitza nai dezanak onela alda dezake: «Jaunari ematera biziko kontuak». Uste dut ordea, aldakera au exkaxagoa dela bertsoan ipiñitakoa baiño.

        Zortzigarren neurtitzak dio: «Jüjatüren gira». Esaera onezaz onelatsu eskribatu nion Jon Mirande jaunari: Nere iritzian aso gaizki dago. Nunbait, bertsolariak aditzera eman nai zuena «juzgatuak izango gera» da, baiñan neurriaren estuak biurrikeri ontara beartu zuen. Oker al nago? Erantzuna: «Jüjaiüren gira», bitxi ba zaizu ere, guretzat jatorra da espresiño ori; goian diodan bezala aditz geienak aktivoki (transitivoki) eta passivoki (intransitivoki) erabil ditezke. Beraz «jüjatüren gira» «jüjatuak (1) izanen gira». Ba da beste espresiño bat, oraindik bitxiago irudituko zaizuna noski, korrientean erabiltzen duguna: «errezibitüko gira» (komunionea) errezibituko dugu».

        Bederatzigarren neurtitzean: «Ordian dira» = orduan dira. Nere ustez, ordea —neurri ta puntuak aparte— «ordian dirate» obeto legoke, geroari buruz mintzo baita.

 

(1) Nere uste apalean zuberoeraz «jüjatiak» bear luke izan. Mirande jaunak emen utsalditxo bat izan du noski ustekabean. Ez da arritzekoa ainbeste euskalki batean erabilliz.

 

        V

        Lenengo neurtitzean: «Ande Dena Maria» = Andre done (dona) Maria. «Andre Mari gurea» aldakera ere erabil diteke. «Ande dena»z onela dio Larrasketa'k: «En Soule, on dit «dena», à tort, au lieu de «dona»; «ande» = andere». Onezaz idazten nion Mirande jakintsuari: «Ande» ez nuen sekula entzun «andere» ordez. Nunbait erri-oguzkera da. Eta «dena»z? Nik eztut uste bidegabe (à tort) erabillia dagoenik «dena», oker ez baldin ba'nago Etxepare'gandik asita erabiltzen baita «Andre dena Maria» (Geroztik aztertu dut «Linguae vasconum primitiae», eta ikusi dut okerrean nengoela, alegia, Etxepare'k «dona» darabillela beti). Erantzupena: «Ande dena»: Ande ez da «andere»ren oguzkera errikoia baizik, txit korrientea, itz ori mugatu gabe dagoenean (mugaturik dagoenean «andéia» diogu. Nik uste dut Larrasketek arrazoi duela, «dena» à tort erabiltzen dugula dionean; Etxeparek ala erabiltzen ba zuen ere. Alabainan itz ori zuen «done» da, Bizkaitarren «deun(e)» (2). Latinetik datoz forma oriek guztiak «dom(i)nu(m)» edo vokativuan «dom(i)ne» maskulinoan; «dom(i)na» femeninoan. Guk maskulinoan «dane» esaten dugu (Jundane Johañe = jaun dom(i)ne johanne(m). Beraz femeninoan «dana» bear genduke, ez baita arrazoirik lenengo vokala diferent izan dadin maskulinoan eta femeninoan (euskera historikoan ez baita «infeccion vocalica»rik edo «Umlaut'ik», proto- edo prehistorikoan bearbada izan ba zen ere. Bainan nere ustez, erriak «andere dana Maria» onela aditu du: «Maria, la que es Virgen», ots «andere dena Maria».

        Boskarren neurtitzean: «Gitian ümilia» = gaitezen umilla(tu). «Humiliatu» (h gabeko forma ere ematen du) onela itzultzen du Lhande'k: aktivoan, mortifier, causer de la confusion, humilier. Humilia ez nazan Jinkoak zuen baithan = que Dieu ne m'humilie pas à vos yeux. Pasivo eran: Humilia zaitezte Jaunaren aintzinean =  humiliez-vous devant le Seigneur

 

(2) «Deun» itza etzaigu sekula dokumentaturik agertzen eta nik bada-ezpadakotzat jotzen dut aspalditzo ontan. Arana-Gori'tar Sabin'ek atera ta zabaldu zuen noski itz au «deunga-deunge» (malvado) eta «deuntsu» (bienaventurado) itzen sustrai iritzirik. Nik ere ala uste izan nuen orain dela bizpairu urte arte, baiñan beti gauza batek arritzen ninduen, alegia, «done» eun milla tokitan dokumentaturik agertuz, «deun» ez sekula agertzea. Eta geroztik pentsatu izan dut «deun»ek eztuela sekula izanik eduki eta «deuntsu-deunge»ren jatorriak besteok direla: «doain-tsu» eta «doain-ge» (orobat «dontsu» eta «donge» renak). Jakiña, ni enaiz izkuntzalaria eta ezin eman nezake segurantziz uste au. Mitxelena jaunak, berak oi duen jakituriz, argi egingo al-digu noizpait auzi ontan.

 

 

Etxahun eta Otxalde

 

                         I

          Otxalde:

Agur, adixkidea, Jainkoak egun on!

Zer berri den erradazut; zuk, othoi, Xubero'n.

Ezagutzen duzuia Barkoxe'n Etxahun?

Halako koblaririk ez omen da nihun:

Bijitaz juan naite ez ba'litz hain hurrun.

 

Jaungoikoak egunon, nik zaitut agurtzen,

Zubero'n zer berri dan, esaidazu, arren.

Ezagutzen al duzu Etxahun Barkoxe'n,

Alako koblaririk ez omen da arkitzen,

Bixitaz joan nakioke kantuz aditzearren.

 

                         II

          Etxahun:

Jauna ezagützen dit Etxahun Barkoxe'n:

Egün oroz nitzozü hullantik ebilten.

Bethi gazt'ezin egonez ari düzü zahartzen

Laur-hogei urthik tizü mündian hullantzen:

Bersetez eztüzü hanbat orai okupatzen.

 

Jauna ezagutzen dut Etxahun Barkoxe'n,

Egunero natzaio urrean izaten.

Beti gazte eziñez ari da zahartzen,

Laurogei urtetara dijoa urbiltzen,

Bertsoez ezta orain ainbat okupatzen.

 

                         IIII

          Otxalde:

Jauna, behar dautazu gauza bat onhetsi,

Bainan etzautzu behar hargatik ahantzi;

Huntaz egiten dautzut gomendia aski,

Konprenituren duzu hitz laburrez, naski:

Ene phartez errozu milaka goraintzi.

 

Jauna bear didazu zertxobait aditu,

Bainan etzaitezela esanaz ahaztu;

Ontaz egiten dizut biotzez erregu,

Itz laburretan noski, ulertuko duzu:

Nere partez goraintzi, atoi, emaiozu.

 

                         IV

          Etxahun:

Zure komisionia nahi dizüt egin,

Komenitzen zitadazüt hanitx plazerrekin.

Heltü nahia arren jaun harekin

Huna Etxahun bera present da zurekin:

Nik ere eztiota zü nur ziren jakin?

 

Zure mandatuari nola uko egin?

Ori kunplitzen daukat poz eta atsegin.

Egon naiez al zera, bada, jaun arekin?

Aurrez-arre daukazu Etxahun zurekin:

Nik ere ezin al-dut zu nor zeran jakin?

 

                         V

          Otxalde:

Jakin ere behauzu dudarikan gabe,

Zeren egin dautazun errespetuz galde.

Aditu izan duzu nitaz lehen ere,

Nor nizen erraitera ezpeitut herabe:

Lapurdi'n deitzen nute Jan Batixt Otxalde.

 

Jakin bearra duzu dudarikan gabe,

Zuk egin baitidazu errespetuz galde.

Nere berri aspaldi aditua zaude,

Nor naizen aitortzera zor dizüt ala're:

Lapurdi'n deitzen naute Jan Batixt Otxalde.

 

                         VI

          Etxahun:

Bihotzaren erditik egin dizüt erri,

Zure ganik entzutez parabola hori.

Damützen ezpa'zaio zelüko Jaunari,

Behar dizügü eman zumait berset berri,

Eta ber denboran eskiak algarri.

 

Biotzaren erditik egin dizut irri,

Zuregandik entzutez esankizun ori.

Gaizki ezpa'deritza Zeruko Jaunari,

Bear ditugu eman zenbait bertso berri,

Eta aldi berean eskuak alkarri.

 

                         VII

          Otxalde:

Amodioz derautzut eskua hedatzen,

Zonbat atsegin dudan ez duzu pentsatzen.

Juje batzuek naute lazki atakatzen,

Ez dudala ikasi bertsuen moldatzen:

Zuk laguntzen ba'nauzu, ez naute lotsatzen

 

Biotz-biotzez dizut eskua luzatzen,

Zer atsegiña dudan ez duzu pentsatzen.

Juez batzuek zorrozki naute atakatzen,

Ez dudala ikasi bertsoak moldatzen:

Zuk laguntzen ba'nauzu, ez naute bildurtzen.

 

                         VIII

          Etxahun:

Etxahun Ziberua'n, Otxalde Laphurdi'n,

Bürüzagi dirade khantoren egitin.

Ezkütüzu gu beldur nur nahi jin dadin,

Erranen diezügü orotan Uskal-Herrin,

Jokhatüren dugula her plazer zaienin.

 

Etxahun Zuberoa'n, Otxalde Laphurdi'n

Bertso lanean iñork menderatu ezin.

Ez gaituzu, ez, bildur, nor-nai etor dadin,

Euskalerri guzian dezatela jakin:

Betoz nai dezatenak jokatu gurekin.

 

                         IX

          Otxalde:

Jauna, ez gitian sar sobera urguluan,

Etsaminatu gabe nork gure buruan.

Irakurtu izan dut lehen liburuan

Jaunen jaunak direla gertatzen munduan,

Erbia lo dagola uste ez den lekuan.

 

Jauna ez gaitezela arrotu sekulan,

Esamiñatu gabe nork gure buruan.

Irakurri izan dut iñoiz liburuan,

Jaunen jaunak direla gertatzen munduan,

Erbia lo dagola uste ez den lekuan. (1)

 

                         X

          Etxahun:

Lehen zaharretarik nik entzün dit hori,

Nurbait bethi ba-dela besten bürüzagi.

Nahi balin ba'dira gure kuntre jarri,

Uneski khantatzeko zumait berset berri,

Lotsa gabe gütüzu ororen zerbutxari.

 

Gure zaharrengandik entzun dut ori,

Norbait beti ba-dela besten buruzagi.

Inork nai baldin ba'du gure kontra jarri,

Gizonki kantatzeko zenbait bertso berri,

Bildur gabe gaituzu denen serbitzari.

 

(1) Azken bi neurtitzetan Otxalde'k esan nai duena da, metafora polit batez apaindurik, gizonik gaillurrekoenak (los mas sobresalienes) arkitu oi direla munduan iñork gutxiena pentsa lezaken lekuan. Neurtitzok ez ditut ikutu nai izan, argitasuna eman naiez metaforak damaion edertasuna galduko bailuke. Erreza da ulertzen kasu ontan esan nai duela, ez arrokeri geiegi jotzeko bertso kontuan norbere burruak goraipatuz, gerta baitzitekean, uste ezean, berak baiño bertsolari obe bat nun edo nundik sortzea.

 

        I

        Bigarren neurtitzean: «Erredazut» — erradazu — esaidazu. Bi dativoko aditz-jokoa. Otxalde Bidarraitarrak (Benaparroa'ko iria) darabil.

        Irugarren neurtitzean: «Duzuia» = al-duzu.

        Boskarren neurtitzean: «Juan naite» = joan naiteke. Campion'ek onela irabiatzen du Zuberoeraz: naite, zaite, daite, gite, zitakeye, ditake. Lapurdieraz: naiteke, zaiteke, daiteke, gaitezke, zaitezkete, ditezke. Gipuzkeraz, singularreko bigarren pertsona «zaitezke» esaten dugu. Gaiñerakoa berdin. Ikusten danez Otxalde'ren adizkera, batzuetan, Laphurdi'ra baiño Zubero'ra geiago urbiltzen da.

 

        II

        Lendabiziko neurtitzean: «Dit» = dut, alokutivo eran emanik.

        Bigarren neurtitzean: «Nitzozü» = natzaio, alokutivo eran emanik. Campion'ek onela joka-erazten du: nitzozü, ziozü, gitzozü, zitzotzu. Gipuzkerak eztu ordezkorik.